XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PROLETAL BOTERE BATEN EZAUGARRIAK...

Gaurdeino ere bizirik dagoen eta hain luzaz nahasbidearen ilunpetan ibili den gauza bat, ia behingoz, argitu behar da: proletal diktadura.

Esan beharra dago, proletal diktadura batez ere beharrizan bat dela bide ezartzen dela: herritar populua eta bereziki proletar klasea produzio bideen eta beren egoeraren jabetasun osoaz nagusi izan daitezen.

Ohartzekoa da, noski, zenbait produzio bide nazionalizatzeak eta ekonomiaren plangintza batek ez duela, besterik gabe; botererik langileentzat segurtatzen, ez hartzen.

Hortarako bidea bakarra da: klase burruka etengabe eta bukagaitz bat, zinez, langile klasea boterearen jabe bihurtuko bada.

Ohargarri zaigu, 1917-an Leninek hauzi hontaz adiarazi zuena: Iraultzaren arazorik garrantzitsuena, dudarik gabe, boterearen hauzia da.

Zein klaseren baitan dago boterea? Hona hemen gauza guztien funtsean dagoen arazoa... iraultzaren bilakabidea arazo honek nolakotzen du barne eta kanpoko politikan, eta arazorik funtsezkoena denez gero, ezin liteke bigarren maila batetan jar, edota nolanahi saihetsean bazterturik utz.

Beren bizitzaren baldintza oroz langileek kontrola bat lortuko badute, lehen lehenik, Estatu zaharreko aparato osoa desegitea da lehen urratsa, gero zeharo bestelako den berri bat jasotzeko.

Eta aparato berri hau funtsez lehengo zaharraren antzeko balitz, halabeharrez, lehengo sozial harreman zaharren berloratzea dugu begien bistan.

Proletal Estatu eta burges Estatu baten artean datzan alderik nagusiena, herritar populuarekiko proletal Estatuaren etendurarik ezean eta horrekiko makurtasun leialean aurkitzen da.

Beraz; Leninek dioen hitzez esanik, berari dagokion zentzu zehatzean, Estatuaren eskutatze baten aurrean gaude, eta bere ordez, klase nagusi gisa proletalgoaren eraketaren finkapenean.

Herritar populuaren baitarik at, eta bere gain dagoen Estatuko aparatoa sortzen denean, iraultza ezaguturik duten zenbait herrialdetan bezala, bertako alderdi politiko haundienak horren aurka deusik egin gabe, lehengo harreman mota zapaltzaileak berloratzen dira berriro ere.

Harreman zapaltzaileok zergatik berjaiotzen diren: langile ez direnen bitartez langileeri bereri dagokien lana baino gehiago eginarazten zaielako.

Jakin ere, ba dakigu, kapitalist zapalketaren alderik nabarmenena zera dela: kontsumoari ez baino metatzeari begira burutzen den zapalkuntza, hain zuzen.

Esan denaren laburpen moduan, beraz, Estatuko aparatoa herritar populuaren baitarik at egonik, eta produzio bideen jabe bera denean (berauk nazionalizatu ondoren), eta horrez gainera, Estatuko aparato hori alderdi politiko nagusiaren esanera ez baldin badago eta azken honek herritar populuari produzio bideen jabetasuna lor dezan zinez laguntzarik ematen ez badio, langileen eta produzio bideen artean sortuko den etenduraren aurrez aurre gaude.

Egoera honetan, lan indarren eta produzio bideen elkar batasuna alokairuaren bidez atxikiturik badago, gauza jakina da, produzio harreman horik kapitalist harreman batzuk besterik ez direla, eta Estatuko aparatoaren barne barnean dauden eta honi nolazpait atxikiturik dauden aparatoetan daudenak, Estatuko burgesia osatzen dutela.

Azken batetan, gizarte bat sozialismaren bidean abiaturik dagoela aitortzea, zera aitortzea litzateke: iraultzaren aldakuntzaren bidez herritar populua bere bizitzaren baldintzaz jabeturik doala, egoerak eskatzen duen neurri hartan.

Aldiz, gizarte bat iraultza ezagutu ondoren berriz ere kapitalismaren bidean abiatu dela aitortzea, beste hauxe litzateke: produzioaren bilakabidean herritar langileak beren kontrola oro galduz dihardutela, eta hori horrela izanik, Estatu barneko guttiengo baten nagusigoa sendotu dadin, honen esanera bere zerbitzuan ari dela produzioaren antolamendua.